Mugazgaindiko Gutuna

Elkarretaratzaile eta berritzaile diren proiektuentzako gutuna

2014ko abenduaren 10ean, partekaturiko uren kudeaketarako gutuna sinatu zuten, Donostian, Hego Lapurdiko Hiriguneak, Errobi Arro Hidrografikoko Sindikatu Mistoak, Aturri-Garonako Ur Agentziak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak, Nafarroko Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak.

Haren gauzatzeko, jarraipen batzorde bat sortu zuten, batzorde tekniko batek laguntzen zuelarik bere egitekoetan. Administrazio alorra aldizka arituko den idazkaritza tekniko baten eskuetan utziko da.

Kantauri itsasoa

 

Oraingo gutun honek partekatuak diren ibaien arro hidrografiko guztiak hartzen ditu, hau da: Bidasoa, Urdazuri, Errobi, Oria eta Urumea. Europar Batasunak ezarri Uraren Esparru Zuzentarauak, Bainu Zuzentarauak eta Uholde Zuzentarauak finkatzen dute ura kudeaketa planen bidez eta arro hidrografiko bakoitzerako egokitu egitarauen bidez babesteko erkidego osorako esparrua. Zuzentarau horiek gogoratzen digute ere elkarlanean aritu behar direla herrialdeak eta gaian eragiten duten guztiak, ura elkarlan hertsian kudea dezaten. Gutunak europar zuzentarauen betetzen parte hartzen du, beraz.

Gutunak elkarlana ezartzen du uraren eta ur ekosistemen kalitatearen alorrean, edateko uraz hornitzeari loturiko osasun gaietan eta bainu uren gaian, uholde arriskuei loturiko segurtasun gaietan, baliabidea eraginkorki baliatzearen gaian, bai eta eskaria hobeki kudeatzeari dagokionean ere. Sinatzaileak partekatzen dituzten ibai-errekak ahal bezain ongi kudeatzeko eta herritarrak babesteko behar diren informazioak elkarri ematera engaiatzen dira ere: etengabeko jarraipeneko datuak uraren egoerari buruz eta ur mailei buruz, bai eta uretan, hala ibaien goi aldeetan nola behealdeetan eragin lezaketen lanei buruzko informazioak.