Ensemble, pour une gestion coordonnée des eaux partagées

Ekainaren 18an, Euskal Elkargoko, Gipuzkoako eta Nafarroako eragile batzuen arteko mugaz gaindiko topaketa iragan da, Ur Partekatuen (Bidasoa, Urumea, Oria, Errobi eta Urdazuri) Kudeaketarako Gutunaren Jarraipen batzordeko lehendakaritza aldaketa egiteko. Euskal Elkargoak du Lehendakaritza segurtatuko 2019tik.

Ekainaren 18an, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Nafarroako Gobernuko, Euskal Elkargoko eta URA ur agentziako ordezkari batzuk bildu ziren Irunen Ur partekatuen kudeaketarako gutunaren jarraipenaren barnean. H2Ogurea mugaz gaindiko proiektua Gutunaren parte da.

Topaketa horren karietara, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gutunaren Jarraipen batzordeko Lehendakaritza Euskal Elkargoari eman dio, erreka partekatuen erabilpen iraunkor, bidezko eta koordinatua helburu ur kudeaketaz arduratzen diren administrazioen kooperazioa bultzatzeko 2014an hartu zen engaiamenduari jarraikiz.

Eragileek beren mugaz gaindiko eremuak (hots, Bidasoa, Urumea, Oria, Errobi eta Urdazuri) elkarrekin kudeatzeko engaiamendua berretsi dute ere.

Topaketa José Ignacio Asensio, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuaren lehendakaritzapean iragan da eta Gutuna sinatu duten hainbat erakundek parte hartu dute. Diputatuaren arabera: “zientifikoek iragarri aldaketa klimatikoaren testuinguruan, ura bezalako balio handiko ondasuna elkarrekin kudeatzea behar-beharrezkoa izanen da erronkei erantzun ahal izateko”. Bere aldetik, Kotte Ecenarro, Euskal Elkargoko 1. Lehendakariordeak erran du: “2019. urtea erabakigarria izanen da. Ur partekatuen kudeaketarako gutunetik sortu H2Ogurea proiektua bururaino eraman beharko da eta mugaz gaindiko dinamika komuna jarraitzeko ekintza plan berria zehaztu ere bai”. Orain arte, hitzarmen horri esker, ekintza komunak obratu dira, hala nola:

  • Dantxaria-Dantxarinea (Ainhoa/Urdazubi) eremuan bi aldeetako edateko uraren hornikuntza segurtatzeko lanak
  • Ur espezie inbasiboen kontrako borroka (flora eta fauna)
  • Bidasoa beherean azterketa batzuen egitea uholdeen saihesteko eta kudeatzeko.

Orokorkiago, Ur partekatuen kudeaketarako gutunak hainbat arlotako kooperazioa finkatzen du: uren eta uretako ingurumenen kalitatea, osagarriari lotua den elkarlana (edateko uraren hornikuntza eta bainu urak), edo segurtasunarekin zerikusia duena (uholde arriskuak eta baliabidearen erabilpen eraginkorra…). Europako funtsek mugaz gaindiko ekintza horiek guziak partez diruztatzen dituzte. Hala, POCTEFAren (Espainia Frantzia Andorra Mugaz gaindiko Kooperaziorako Programa Operazionala) autoritate kudeatzailea den Pirinioetako Lan Elkarteak H2Ogurea proiektua onartu du 2016an, % 65 heineko diru laguntza eskainiz.

Laster, Gutunaren sinatzaileek eskumena duten beste erakunde batzuk proiektuan sarrarazteko xedea dute eta Bidasoaren nazioarteko partean neurtzeko estazio berria eraikitzeko proiektua aurreikusten dute ere bai. Proiektu hau Europako finantzamendu baten baitako hautagaitza komunaren oinarria izanen da. Topaketa bururatu da urari lotu hainbat ekimen komun aurkeztuz hala nola LIFE LEMA edo Euskal Elkargoak eraman Euskal Itsasbazterra GIS-a.

Partenaires