Guratrans zer den
GURATRANS europar proiektu bat da, Pirinioetako mendebaldean partekaturik diren ibaien kudeaketa hobetzeko, administrazio eta geografia mugak gaindituz.
Bost ibai ditu helburu:
- Bidasoa, Nafarroa, Gipuzkoa eta Frantzia artean.
- Nivelle (Urdazuri), Nafarroa eta Frantzia artean.
- Urumea, Nafarroa eta Gipuzkoa artean.
- Oriaren bi ibaiadar, Araxes eta Leitzaran, Nafarroa eta Gipuzkoa artean.
Proiektuak zona horretan uraren kudeaketarako eskumena duten erakundeen arteko koordinazioa hobetu nahi du: informazio trukea, eragileen arteko harremana, ibai bakoitzerako sintesi dokumentuak idaztea eta mugazgaindiko ibaien kudeaketarako gutun bat sinatzea.
Beste aldetik, lurralde bakoitzean uraren kudeaketan egin diren esperientzia eta jokabide onak bildu eta gaikako mintegietan partekatuko dira. Aurreikusirik dira ere jendeei urari buruz ohartarazi eta parte hartzera gonbit egiteko ekintzak, bai eta ur gutxiago xahutzekoak, hartara, ibaien hondatzea ekidinez (eskariaren kudeaketa).
Azkenik, proiektuak gure ibaiak lehengoratzeko ekintzak dakartza ere, honako hauen bitartez:
- Ibaiaren diagnostikoak, plan integralak eta azterketak eginez hala toki mailan nola arro hidrografikoaren mailan;
- Arrainen eta bestelako espezieen zirkulazioa trabatzen duten obrak kenduz. Adibide baterako, Inturiako nazak Leitzaran zatitzen du;
- Galeria basoa -ibaietako ekosistemak babesten dituen zuhaitz zerrenda- hobetzea. Landaketak eginen dira eta landare inbaditzaileak kenduko. Ibaietako aniztasuna emendatzeko ekintzak ere aurreikusiak dira, egun diren baino baldintza naturalagoak berriz ezartzeko.
Egitarauaren izen osoa honako hau da: “Pirinioen Mendebaldeko Mugazgaindiko Ibaien Kudeaketa Integrala” eta POCTEFA 2007-2013 ekintza egitarauaren barnean da. (Espainia-Frantzia-Andorra Mugazgaindiko Lankidetzarako Eragiketa Egitaraua).
Aurrekontua: 1.070.163,91 € (Europar Batasunak % 65ean diruztatzen du Eskualdeen Garapenerako Europar Funtsaren bitartez (EGEF-FEDER).
Iraupena: 24 hilabete, 2012ko uztailean hasiz.
Gure bideoak ikus itzazu::
Inturiako naza desegitea
Inturiako nazak Leitzaran ibaia geldiarazten du eta hango ekosistemak andeatzen ditu ibaiaren zati luze batean. Guratrans europar proiektuaren barnean, azpiegitura zaharkitu horren suntsitzeko lau faseetatik biei ekitea erabaki da.
Ibaiari gertatuko diren aldaketetara egokitzeko denbora emateko (urtebete) zatituko dira lanak fasetan. Bideo honek jadanik egin diren suntsiketak erakusten ditu.
https://vimeo.com/couchmode/hazifundacion/videos/sort:date/120679192
Inturiako zati bat suntsitu ondoren gertatu diren aldaketak
Inturiako naza desegitearen lehen bi faseen ondoren ibaian gertatu diren aldaketak ikus daitezke. Lehena eta argiena uraren atxikitze zonaren desagertzea da, baina ohe osoa eta ur bazterrak pixkanaka aldatzen ari dira egoera berriaren ondorioz.
https://vimeo.com/couchmode/hazifundacion/videos/sort:date/120679893
Inturiako zati bat desegin ondoren eman diren aldaketen jarraipena
Guratrans europar proiektuaren barnean, Inturiako naza desegiteko egin diren lehen bi faseen ondoren ibaian gertatu diren aldaketen jarraipena. Bideo honek aldaketa horiek aztertzeko erabili diren teknikak azaltzen ditu.
https://vimeo.com/couchmode/hazifundacion/videos/sort:date/117774953
Pikoagan (Urumea ibaia) ibai ohea hobetzeko lanak
Guratrans proiektuaren barnean, bururatu dira Urumea ibaiaren ohea Pikoaga lekuko hiru zatitan hobetzeko lanak. Ibaiko habitata hobetzeko, espezie inbaditzaileak ziren zuhaitzak moztu behar izan dira ibai ertzeetan –eragin gaiztoa baitute- eta ibai ohera sartu dira, arrainek ugaltzeko edota jateko balia ditzaketen babesleku egokiak sortzeko. Bideo honek ekintzaren arrazoiak azaltzen ditu. Egin diren lanak eta kokatu diren egitura mota nagusiak erakusten ditu.
https://vimeo.com/couchmode/hazifundacion/videos/sort:date/120677190

Pikoagan (Urumea ibaia) kokatu diren egituren bilakaera
Bideo honetan, Urumea ibaiaren ohean, Pikoaga aldean, GURATRANS proiektuaren harira, kokatu diren zenbait enborren egiturak ikus daitezke. Kokaku berri diren egituren ikusmira orokorrak eta urazpikoak tartekatzen ditu, kokatu direnetik hilabetera nola diren erakutsiz.
https://vimeo.com/couchmode/hazifundacion/videos/sort:date/120677195