Araudien testuingurua

Europar dinamika bat

Supports papier

Urak ez du mugarik ezagutzen eta bere gisara isurtzen da zeharkatzen duen lurralde orotan, paisaiak itxuratuz. Meteorologia baldintzen arabera isurtzen da eta horrek edateko ura segurtatzera behartzen gaitu eta osasun edota segurtasun arazoak ekar ditzake behealdeetan. Garapenerako baliabidea da ura eta era anitzetan erabiltzen dugu; ibaiak aberedi eta landaredi jakin batzuentzako bizilekua dira ere.

Ororen ondasun horren garrantziaz eta hondakortasunaz oharturik, europar agintariek zenbait zuzentarau eman dute haren babesteko eta partekaturiko ibaietan lankidetza bultzatzeko. Zuzentarau horiek paisaia aberats eta konplexu bati loturik dira, natura eta hidrologia oso aberatsekoari, eta zaindua eta ongi kudeatua izatea merezi du. Zuzentarauak gure ibai eta itsas ondarea babestu eta kudeatzeko dira, bai eta balioa emateko, ezagutzeko eta hobeki ezagutzera emateko. Zuzentarauen esparruan egiten eta eginen dira H2O Gurea ekintzak.


Uraren Esparru Zuzentaraua (UEZ-DCE)

2000. urtean, Europako urak babesteko esparru orokor bat ezartzen duen zuzentarau bat eman zuen Europar Batasunak; zuzentarau horrek 2025. urterako uren kalitatea ona izan dadin du helburu.

Teknikoki, Europar Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2000ko urriaren 23ko 2000/60/CE Zuzentaraua izenaz da ezagun eta haren helburuak plangintza hidrologiko egokia egitera biltzen dira, honako hauek lortzeko:

  • Kutsadurei aitzina hartzea eta gutxitzea,
  • Uraren erabilera iraunkorra sustatzea,
  • Ingurumena babestea,
  • Ur ekosistemen egoera hobetzea.

Ekintza zonan zuzentaraua aplikatzeko eskumena duten administrazioak:

  • Kantauriko Ur Konfederazioa (Ekialdeko muga)
  • Aturri-Garona Ur Agentzia.
  • Uraren Euskal Agentzia.

UEZ zuzentarauaren azken urteotako aplikazioak erakutsi digu eskumena duten egiturek (aipatu berri ditugunez gain) ekintzak gauzatu dituztela, baina mugazgaindi eta eskualdez gaindi koordinatu behar direla ekintza horiek, eraginkorrago izanen badira, batez ere hautatu arro hidrografikootan: Bidasoa, Urdazuri, Urumea eta Oria.

Bainu Uren Zuzentaraua (BUZ-DEB)

2006 eman zuten, bainatzeko uren kalitatearen irizpideak ezartzeko, batez ere parametro bakteriologikoei dagokienean; uren kudeaketa eta jarraipen neurriak hobetzeko eskatzen du ere, bai eta publikoarentzako informazioa ere. Teknikoki, Europar Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2006ko otsailaren 15eko Bainatze Uren Kalitateari buruzko 2006/7/CE Zuzentaraua izenaz ezagun da. BUZ zuzentarau honen agertzearen ondorioz, 76/160/CEE Zuzentaraua indargabe geratu da (berantenez, 2014ko abenduaren 31n).

Aberedi eta Landaredien Habitaten Zuzentaraua

Pirinioetako mendebaldeko mugazgaindiko zonako ibai anitz natura interesekotzat onartuak diren espazioak dira eta, hartara, Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL-SIC) izan dira izendatuak, Natura 2000 sarearen barnean. Sailkapen horrek lurralde horiek kudeatzeko plan berezia presta eta gauzatzera behartzen du.

Teknikoki, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko Natura Habitatak eta Aberedi eta Landaredi Basatiak Babesteko 92/43/CEE Zuzentaraua izenaz ezagun da.

Uholdeen Zuzentaraua

Uholdeak Europako herrialde guztiak ukitzen dituzten arrisku nagusiak dira. Uholdeak gertatzeko arriskua balioztatzeko eta kudeatzeko zuzentarau honek natura fenomeno horiek lekarketen kalteak murrizteko xedea du, hala arro hidrografikoetan nola kostaldeetan.

Teknikoki, Europar Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2007ko urriaren 23ko Uholde Arriskuak balioztatu eta Kudeatzeko 2007/60/CE Zuzentaraua da.