
Gutuna zer den
Engaiamendu baterako gutuna
Mugazgaindiko gutuna sinatzaileen elkarrekiko engaiamendua da, baina ez du dokumentu juridikoa izateko asmorik. Ez da ekintza egitarau bat, ezpada elkarrekin dituzten lan ardatz zenbaiten inguruan erregularki egin bilkura eta informazio trukatzeetarako engaiamendua.
Gutunak uraren eta ur baliabideen kudeaketan administrazioen artean lankidetza bultzatzeko xedea du, partekatzen duten ibaietako ura modu iraunkor, bidezko eta koordinatuan erabil dezaten.
Lankidetza hori, honako gai hauetan egin liteke bereziki:
- Uraren eta ur ekosistemen kalitatea hobetzean,
- Edateko uraren hornikuntzari eta bainu urari loturiko osasun aldeetan,
- Baliabidea neurriz erabiltzean eta eskaria kudea dadin bultzatzean.
Ekintza zona baterako arro hidrografikoak
Bidasoa
Orotara, 66 km luze da; iturburua Nafarroko iparraldean du, Baztan ibarrean. Bidasoaren ibaiadar nagusia Ezkurra ibaia da. Beste ibaiadar hauek ere ditu Bidasoak, besteak beste: Artesiaga, Zeberia, Tximista, Onin, Jaizubia, Endara, Errolasarko.
Bidasoaren arroak 710 km2 inguru ditu, gehienbat Nafarroan delarik. Azken 27 kilometroak, Endarlatza ondoren, Gipuzkoa eta Frantzia arteko muga dira.
Arro hidrografikoaren buruan, Ezkurrarekin lotu arterainokoan, ibaiadarrak patar zutekoak dira. Behealdean, Bidasoak ur handiagoa darama, hasieran Bortzirietako mendialde gaitzean, gero erliebe anitzez eztiagoan. Gipuzkoara sartzean, urak har ditzakeen lautadetan zabaltzen da, batez ere Behobian, itsasoaren gorabeheren eraginez, besteak beste, Txingudiko intak sortuz. Azkenik, Atlantikora heltzen da, Txingudi badian, Hondarribia eta Hendaia artean. Bidasoaren arroak proiektu honen hiru kideak biltzen ditu.
Urdazuri
Iturburua Urdazubi eta Zugarramurdiko arroan du, Nafarroako Foru Komunitatean. Alkurruntz menditik, Atxuriatik eta inguruko beste mendietatik datozen errekek bat eginez sortzen dute. Behin Dantxarira heldu eta Frantziara pasatzen da, non mugazgaindiko beste erreka bat, Lapitxuri erreka, lotzen zaion; Ainhoa herria zeharkatzen du gero. Senperera heldu baino lehentxeago, beste ibaiadar handi bat lotzen zaio, Sarako arrotik helduz. Azkaine zeharkatzen du eta, azkenik, Donibane Lohizune-Ziburuko badian itsasoratzen da.
Urumea
Urumearen arroak 299 km2 ditu eta 53 km luze da ibaia. Iturburua Ezkurrako mendatean du (Nafarroa); handik ibar mehar batean isurtzen da Goizueta herrixkaraino. Handik gutxira, Artikutzara datorren Añarberen urak hartzen ditu, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan. Handik Arano herrixkara doa Urumea; hori du azken nafar herria. Gipuzkoan, Errenteria, Hernani eta Astigarraga zeharkatzen ditu. Iturburutik Gipuzkoara sartu artean, Urumea ibai laster eta zalapartatsua da. Gero, haren ura lasaiki doa itsasadarreraino. Donostian, Maria Kristina zubiaren azpitik, Santa Katalina zubiaren eta, azkenik, Kursaalekoaren azpitik igarotzen da Urumea, Urgull eta Ulia mendien artean, eta Atlantikoan itsasoratzen da, Zurriola hondartzaren eta Donostiako alde zaharraren artean. Ibaiadar nagusiak Añarbe eta Landarbaso ditu, bai eta Urdinola, Iturri eta Zumarrezta errekak. Urumearen arroa historian zehar uholde hainbat bizitu dituen eskualdean da; halakoak bizitu dituzte, besteak beste, Donostiak, Astigarragak eta Hernanik.
Axares
Iturburua Araizeko ibarrean du, oratara 12 km luze da ibaia eta arroa 74 km2 zabal. Nafarroan zehar, Larraun, Betelu eta Arraiz herriak zeharkatzen ditu. Behin Gipuzkoan delarik, Lizartza eta Tolosa zeharkatzen ditu; Tolosan, Oria ibaira lotzen da. N130 errepidea Araxes ibaiarekin parez pare doa, haren ondo-ondoan, ia iturburutik Oriarekin bat egiten duen arte.
Leitzaran
Leitzaranen arro hidrografikoak 124,02 km2 hartzen ditu; 42 km luze da Leitzaran ibaia. Iturburua Bidate, Otsola eta Aritz mendietatik etorriz biltzen diren uharren biltokian du. Nafarroan 12,5 km egiten ditu, 53 km2 zabal den arro hidrografikoan, Leitza eta Areso herriak zeharkatuz. Leitzaran izena Erasote eta Gorriztaran erreken biltokian hartzen du, Leitza herrian. Gero, Astamela errekaren ura hartzen du. Gipuzkoan Berastegi herrian sartzen da, Urtoko mendatean. Handik, ibarrak haren izena hartzen du. Berastegiren ondoren, Villabona eta Andoain herrien arteko muga egiten du eta Oria ibaira lotzen da; 15 metro zabal da han.